12-18 urte bitarteko sexualitatea: lehenengo harreman sexualak

Sexualitatea hitza gazteari lotuta agertzen denean, gehienetan arriskuekin lotzen da. Badirudi, sexualitatea, harreman sexual genitalak daudenean hasten dela. Hau da, gazteen sexualitateari erreparatzen diegu, harreman sexual genitalak dituztela antzematen dugunean, eta gainera momentu honetan ere sexualitatea bere osotasunean ikustea kosta egiten zaigu.

Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean? Galderari honi erantzun behar genioke, eta ondoren 12-18 urte bitarteko gazteen sexualitatearen ezaugarriak ezagutu beharko genituzke, gure lana beraiekiko positiboa eta errespetuzkoa izan dadin. Sexualitatea, gizakion ezaugarri bat da, eta jaiotzen garenetik hil arte daukagu. Sexualitatea, labur esand, gure gorputzarekin dugun erlazioa da, bakoitzak bere mutil eta neska izate nola bizitzen duen. Gure gorputza beti berdina ez denez, gure sexualitatea ere aldatuz doa.

Hurrengo lerroetan 12-18 urte bitartekoen sexualitatearen ezaugarriak eta guraso bezela nola jokatu daitekeen azalduko da.

Zeintzuk dira adin tarte honetako sexualitatearen ezaugarri nagusiak?

  1. Gorputzari dagokionez:

Haurraren gorputza gizon/emakume bihurtzen den unea da. Aldi honetan gorabehera asko izaten dira, aldaketa handiak gertatzen direlako, eta gazteak etengabeko aldaketei egokitu beharra dutelako. Hortik dator “nerabe” aroko krisia. Pubertaroan finkatzen dira gorputzean sexu identitateari dagozkion ezaugarriak. Haurrak jakin bazekien sexu batekoa ala bestekoa zela; baina orain bere gorputzak berretsi egingo du erabateko aldaketaren bidez.

Momentu honetan gorputzaren irudiak berebiziko garrantzia du. Nerabeak etengabe aldatzen ikusten du bere gorputza, eta segurtasun eza eta kezka nagusitzen dira. Nerabeak etengabe edertasun ereduekin alderatzen du bere burua, eta haien berdina eta desberdina zertan den begiratzen du. Askotan, edertasun eredutik asko aldentzeak autoestima arazoak ekar ditzake, eta horrek bere bizimoduan eta harremanetan gorabeherak sor ditzake. Zer esanik ez, edertasun eredua modaren asmakizun hutsa dela eta gizabanakoa ez da gizonagoa ala emakumeagoa eredu horretatik zenbat eta hurbilago dagoenean.

  1. Desioaren orientazioa:

Adin tarte honetan sexu joerak definitzen eta egonkortzen dira. Neska-mutilek nerabe aroan definituta dute beren sexu orientazioa nahiz eta ez izan sexu harremanik.

harremanak_elkartea_gazteak_sexualitatea

  1. Maitemina eta maitasuna:

Maiteminaren fenomenoa agertzen da, eta nahiz eta oso gertaera indibiduala eta norberaren baitakoa ematen duen, baditu ezaugarri unibertsal batzuk:

  • Desioa oinarrizko energia da. Sexu atsegina bilatzeko beharraren sentipena da.
  • Erakarpena desioa objetu jakin bati bideratzea da. Erakarpena, desioaren orientazioarekin, gizabanakoaren joerarekin lotuta dago

Hau guztiagatik, eta norberaren identidade eta desioa eraikitze momentu bat delako, nerabe askok harreman laburrak eta aldakorrak izaten dituzte. Esperimentazio garaia denez, ez dituzte zergatik heldu batek bezela bizi behar harremanak. Adin tarte honetan, gazteak harremanak nola eraiki ikasten ari dira, gustoko jarrerak ezagutzen ere, eta honetarako esperimentatu behar dute.

Eta honen aurrean, gurasoei beraien seme-alabekin nola jokatu dezaketen hausnartzeko, ondoren ideia batzuk azaltzen dira:

  • Sexualitateaz hitz egitea ez da beldurretaz eta gaixotasunetaz hitz egitea. Sexualitatea gure gorputzarekiko ezagutzarekin eta errespetuarekin lotzea eraginkorragoa da.
  • Kontutan hartu nerabe batek ez diela gurasoei asko galdetuko. Baina askotan galderetan baino beraiekiko konfidantza, gurasoak seme-alabekiko duen jarrerarekin landu dezakete.
  • Beraien lotsak errespetatu. Gurasoak ere badituzte beraien mugak eta lotsak. Hauek gainditzeko errespetuzko jarrera oso garrantzitsua da.
  • Jarrera sexual ezberdinen inguruan gure iritzia eman dezakegu, baina beti ondo azalduz gure iritzi pertsonala dela, eta errespetatuz berak iritzi eta jarrera ezberdina eduki dezakeela.
  • Guraso bezela gure mugak onartu, eta adierazi.
  • Eredu estetikoekin kritikoak izan.
  • Beraien egoera emozionalari buruz galderak egin: Nola sentitzen dira? Eta beraien emozioei hitzak jarri.
  • Beraien gorputza ezagutzera bultzatu, eta harremanak plazerrarekin eta positiboki bizi ditzan lagundu.

 

Olatz Berastegi

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *