Zertarako aholkularitza sexologikoa?

Ia gehienen iritziz, Sexologia sexua aztertzen duen zientzia da; eta sexua gure genitalekin egiten duguna da. Sexologia, aldiz, Sexuak aztertzen dituen Zientzia da. Beraz, emakumeak emakume diren heinean aztertzen ditu, gizonak gizon diren heinean, eta emakumeak eta gizonak sexudunak garenez elkarren artean ditugun harremanak ere (intimoak eta publikoak) kontuan hartzen ditu.

Sexologian sexua ez da egiten, eta ez da edukitzen: sexudunak gara. Eta garelako (sexudunak) dauzkagu (ezaugarri sexualak) eta egiten ditugu (jokaera sexualak).

Sexu arteko elkarbizitza hori saihestezina den arren, beti ez da harmoniatsua izaten. Sexologoek harmonia hori sustatzeko lan egiten dugu. Pertsonen arteko harreman intimoekin lotutako gaiak artatu, sustatu, parte hartu, garatu eta ikertzen ditugu. Honakoak dira erreferentziazko giltzarriak: gizabanakoa, bikotea, familia,hezkidetza, elkarbizitza, sexua, sexualitatea, maitasuna, interakzioa, harremana, intimitatea, konpromisoa, ongizatea, asebetetzea, negoziazioa, aitatasuna eta amatasuna, aniztasuna, plazerra, desioa, gorputza eta noski emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna.

harremanak_elkartea_aholkularitza_sexologikoa

Gizonekin, emakumeekin eta horien arteko harremanekin zerikusia duen oro materia sexologikoa da. Ez haien gorputzei eta genitalei gertatzen zaiena bakarrik. Haien biografiei, harremanei, nortasunei, nahiei… gertatzen zaiena ere materia sexologikoa da, gizon diren heinean, emakume diren heinean eta elkarrekin aniztasunean harremanak dituzten eta elkarren mendekoak diren heinean.

Aholkularitzaren oinarrian Ongi aholkatzearen artea dago. Aholkuak ematen dira (orientabidea, informazioa, bideak, aukerak, konponbideak…), irtenbidea aurkitzeko (irteerak, moldaketak, hobekuntzak, arrakastak…). Zerbitzua behar duten pertsonak berez gai dira, trebeak dira eta eskumenak dituzte, baina zerbaitekin kateatu egin dira arrazoi bat edo bestea dela eta. Beraz, kontua ez da sendatzea, konpontzea; berreskuratzea eta berreraikitzea baizik. Kasurik txarrenean kateatze horretatik askatzen saiatzen gara, eta kasurik onenean, berriz, elikatzen. Autolaguntzako liburuen antzeko xedea du, azken batean. Baina liburu horietan formula unibertsalak eskaintzen dira, jendeari orokorrean zuzendutakoak, eta gure kasu honetan, berriz, eskari zehatzei erantzuteko formula bereziak eskaintzen ditugu.

Jakina da, gaur egun, gazteek zein helduek informazio asko daukagula berdintasuna eta sexuaren inguruan, bai kalean, lagunen artean, internet bidez eta beste hainbeste informazio iturrietatik.

Hala ere, gertatu ohi da, ikusi eta entzuten ditugun gauza denak, guztiz fidagarriak ez izatea. Adibidez, lagun baten ahotik entzun dezakegu “bikote bat jeloskorra denean maite gaituen seinale da”, “nire gorputza aldizkarietan agertzen diren modukoa ez bada, ez naiz erakargarria izango” edota “hilekoa izanda ezin da haurdunaldirik eman”. Izan ere, esaldi hauek kaletik entzun ditzakegu baina jeloskortasuna eta maitasuna ez dira sinonimoak, batek larrosaren usaina maite du eta besteak kolorea eta hilekoarekin egonda haurdunaldia gerta daiteke.

Horretaz gain, informazio asko izateak, ez du esan nahi, ligatzeko orduan lotsarik edo segurtasun faltarik ez agertzea, bikote mailan zelan jokatu behar den beti jakitea, desioaren orientazioaren inguruan dudarik ez izatea, bikote bat apurtzean egonezina sortuko ez denik, zein den antisorgailu egokiena kasu desberdinetan jakitea (era aproposean erabiltzea ere garrantzitsua dela kontutan izanda), eta sortu daitezkeen sexualitate inguruan hainbat galdera, lagunekin eta aldizkarien bidez erantzuteko zailak direnak.

Hitzaldia: elikadura osagarria

Urriak 30ean hitzaldia daukagu zentroan. Hain zuzen ere, Nahia Alkorta Elezgarai, Sabeletik Mundura webguneko arduradunaren eskutik. Haurrei elikadura osagarria eskaintzeko sistema da Baby-Led Weaninga, pure eta/edo ahirik gabe, helduon elikadurara gutxinaka hurbiltzen laguntzeko sistema. Alkortak dionez, “jateaz haratago doa, jaten ikastea eta otorduen inguruko ohiturak ikasi eta euren parte haurrak egiteko modua”.

Sistema honen gakoak azalduko dira hitzaldian, hartu beharreko segurtasun neurriak eta otorduak gozagarri izan daitezen gako praktikoak.

Anima zaitezte eta bertaratu gure zentrora!

Izen ematea: hemen

Urriak 30.

17.30. Harremanak Zentroa. Azpeitia

15 euro / 25 euro bikotea

harremanak_elkartea_elikadura_osagarria

Ibai joan zaigu

Ibai Agirretxe joan zaigu gure artetik, izar berri bat piztu da zeru gainean.

Zenbat min eta samin berriz ere gure herri txikian, gure bihotzetan…

Ezin sinistuta gabiltza guztiok…

Harremanak Hezkuntza Elkartean lan egiten dugun guztion izenean senide, lagun, irakasle… guztiei besarkada goxo bat.

harremanak_elkartea_ibai_agirretxe

Bost laguneko familitxoa

arreba eta bi anai

zu zaharrena bost urterekin

hain bihurri ta hain alai

Maitagarria zinen etxean,

lagun artean ere bai

ustekabeko istripu batek

eraman zaitu alderrai

Sinesten zaila izanagatik

bizitzak aurrera darrai

eta saminak urratu arren

beharko genuke jarrai

Zeure zenuen bizipoz hura

ez dugu inoiz galdu nahi

zinen bezala irri batekin

maiteko zaitugu Ibai

Izaro

Bikote harremanak

Bizitzako esperientziak, hau da, harremanak, harremanetan ditugun gatazkak, galerak, gaixotasunak, gure burua ezagutzen lagundu ohi digute, horrela bizitza aurrera doan heinean gure alde guztiak ezagutu, onartu eta beraiekin bizitzen ikasiko dugu.

Bizitzako beste alorrekin gertatzen den moduan, bikote harremanetan ere etengabe ikasten gabltza, gure buruaz, eta baita harremanetaz ere. Bikote harremanak, harreman garrantzitsuak izan ohi dira guztiontzat, baina nola eraiki behar ditugun gutxitan erakutsi digute. Fina Sanz psikoterapeutak eman dizkidan formazio ezberdinetan beti gogorarazi digu maitasuna dela bidea egiten laguntzea. Argi erakutsi digu norberak bere bidea egiten duela, baina oso ondo dagoela bidea elkarri lagunduz eta elkarrekin egitea. Bakardadean ibiltzen ikasi behar dugu, kontuan hartuta bestearen presentzia oso atsegina dela.

harremanak_elkartea_bikote_harremanakHau da, bikote harreman batean, besteari entzuten, laguntzen, zaintzen ikasten dugu, aldi berean bestearengandik, laguntza eta zaintza jasotzen ikasten dugu ere, ahaztu gabe norberak bere bidea duela eta ez ditugula espazio guztiak konpartitu behar. Hau da, pertsona batekin harreman bat eraikitzeko, pertsona bat maitatzeko ez dela derrigorrezkoa denbora osoa konpartitzea berarekin, aisialdiko ordu guztiak berarekin pasatzea, zaletasun berdinak edukitzea, ez eta alor guztietan ados egotea.

Gurasoengandik jasotako eredu fusionala, non bikote izatea mundu bakar bat eraikitzea suposatzen zuen, gaur egun bikote askorentzat ez du eredu bezela balio, eta askotan ereduak ez edukitzeak beldurra ematen digu, euskarririk gabe geratzen garelako. Ereduak ez edukitzeak ez du esan nahi euskarririk ez ditugunik, baina esango nuke bikote bakoitzari bere bidea egitea tokatzen zaiola, eta norberak erabakitzen duela zein den bide egokiena. Bide honetan lagungarri iruditzen zaizkidalako, eta arestian Fina Sanzek esaten duen ildotik dihoaztelako gaurkoan Fritz Perls Gestalt terapiaren sortzaileak harreman osasuntsuak eraikitzeko proposatzen dituen ideia batzuk luzatzen dizkizuet: bestearen ezberdintasunak errespetatzea, ardurak hartzea, konpromezua, ni eta bestearen arteko limiteak argiak izatea, hau da nirea dena eta ez dena argi izatea.

Olatz Berastegi

Sexualitatea eta aisialdia beste era batera lotzen

harremanak_elkartea_estresa_sexualitateaPresaka bizi gara, baita aisialdian ere. Hiri bat lau egunetan ikusi nahi dugu, eta atsedenik hartu gabe zeharkatzen dugu. Nahi baino lehen eiakulatzen duten gizonak ugaritzeak ez gaitu harrituko. Baldintza estresatu hauetan, nola dastatu, bada, gure kitzikapen uneak? Ikuspuntu aldaketan egon daiteke gakoa: adibidez, aurrerantzean ahalegina egin dezakegu sexualitatea eta aisialdia beste era batera lotzen, eta bizitza sexuala beste arloen aurretik ipintzeko aukera balora dezakegu, lehentasun bihurtuz.

Baina, nola egin dezakegu hori? Egunero batetik bestera gabiltza, mila gauza egin nahian… adibidez, gaixotzen garenean, munduko denbora guztia daukagula ikusten dugu. Une horietan, lehentasuna hartzen du gure osasuna zaintzeak; denbora benetan erlatiboa baita. Jabetu behar dugu, lehentasunezkotzat jotzen ditugun gauza horietan joaten zaigula denborarik gehien.

Ikuspuntu berriak hartzen has gaitezke, beraz. Esaterako, bat-batekotasunaren mitoa albora dezakegu; oso zabaldua dago bat-batekotasunaren mitoa: kontaktu erotikoak bat-batekoak behar dutela izan, ezin direla planeatu. Ikuspuntu honek, mugatu egiten du sarritan bizitza sexuala garatzea eta aberastea. Jende askok uste du, kontaktu erotikoak bat-batekoak ez badira, orduan ez direla benetako jokabide erotikoak. Ideia hau tranpa potoloa izan daiteke.

Bost zentzumenak

Denbora librea ondo antolatzen ez denean, askotan, galdu egiten da. Gure gaiarekin berdin gerta daiteke. Ohiko bikotea badugu, txandaka, bat izan daiteke festa erotikoen arduraduna, eta berak har dezake ekimena, festa horren xehetasunez arduratuz.

Batzutan, aurretik izandako esperientziak onak izan ez badira, desanimatu egin gaitezke, eta ondorioz, topaketa erotikoari edo autoerotismoari bere denbora eta garrantzia kentzeko joera izan dezakegu. Beraz, zerotik hasi eta esperientzia positiboak izaten saiatzea izango da gakoa. Esperientzia positiboak errepikatzeko joera dugu.

Baina, nola lortu esperientzia positiboak? Bi orrialdeotan ezin dugu guztia zehaztu, baina bai oinarrizko baldintza batzuez hitz egin. Hasteko, bost zentzumenei protagonismoa ematea komeni da, guztiei: entzumena, usaimena, dastamena, ukimena eta ikusmena. Eta hauek ematen dituzten aukerak ireki, probatu. Larruazalak, esate baterako, bi metro karratu ditu batez beste! Larruazala organo sexuala da: dastatu, ukitu, ikusi, usaindu… era askotara.

Bestalde, garrantzitsua da sexu harremanez hitz egitea. Bikote edo norbanako askorentzat ez da zilegi desioez hitz egitea, edo larrua jo ondoren balorazioak egitea: zer gustatuko litzaigukeen berriro egitea, zer aldatu nahi genukeen, zer ez dugun batere atsegin…

Bestetik, denbora saldu eta erosi egiten dugu. Saldu, gehienetan lantokian, diruaren truke. Erosi ere egin dezakegu: beste norbaitek egin ditzakeen gauzak delegatuz: etxeko garbiketak, auto konponketak, haurrak zaintzea… Norberak baloratuko du zein prezio jartzen dion bere denborari. Sinesgaitza eman dezake, baina hala da. Denok gure askatasuna kudeatzen dugu, eta aukeratu ditugun lehentasunek beste aukerak mugatzen dituzte. Gure esku dago erabakitzea (geure gaitasunen baitan) zenbat inbertitu nahi dugun gure bizitza sexuala aberasteko, bikotea izan ala ez.

Hortaz, nahi dugunari ‘bai’ esan eta besteari “ez” esan beharko diogu. Azken aukera hau ez da hain erraza izaten, baina “ez” esaten ikasteko teknikak eta moduak badaude, baita liburuak ere.

Olatz Berastegi

Zaharrek ba al dute sexualitaterik ?

harremanak_elkartea_vida_empieza_hoyGaztetasunaren eredua etengabe erakusten zaigu leku guztietan, komunikabideek adibidez, gehienetan gazteen gorputzak, gazteen harremanak erakusten dizkigute, horiek bakarrik izango balira, sexualak eta desioa dutenak bakarrik. 

Sexualitatea bukatzen al da noizbait? Zaharrek ba al dute sexualitaterik?

Horiek dira askotan egiten zaizkigun galderak, eta pubertaroko gaztetxoen erantzunei erreparatzen badiot, esango nuke baietz, sexualitatea 45 urterekin bukatzen dela. Pentsa, hauen ustetan ugalketa aukeratik kanpo geratzen dena ez da sexualitatea. Hori diote gaztetxoek, baina ez hain gaztetxoek, sexualitatea eta ugalketa ezberdintzen ikasi dugunok ere, zailtasunak izaten ditugu, sexu grina zahartzaroko aroarekin lotzeko garaian.

Zorionez, zahartzaroak aktibitate sexualean baino, kirolean, laneko jardueretan, bistan, entzumenean, memorian,…. ondorio bortitzagoak sortzen ditu.   Sexualitatearen kasuan isilpeko arrastoa uzten doa.

Sexuala den guztiarekin bezala, gorputzean sortarazten dituen aldaketak ezberdinak dira gizon eta emakumeengan. Garai honetan fenomeno oso interesgarria gertatzen da: zahartzaroak gaztaroa desberdindu duena berdintzen du.


Testosteronaren mailaren jaitsierak gizon adinduak maskulinitatea gabetzera eramaten ditu (beraz, feminizatzen doaz) eta estrogenoen mailaren jaitsierak emakume adinduak feminitatea gabetzera eramaten ditu (beraz, maskulinizatzen dira). Sexu bakoitzak hasitako ibilbideak bestearengana hurbiltzen du. 

Sexuen arteko erantzun sexualak ere berdintzen dira: intentsitate eta presa gutxiagorekin; estimulu lagungarri gehiagoren beharra (fisikoak eta sinbolikoak). Bien orgasmoak intentsitate gutxiagorekin azaltzen dira, baina gorputzeko zona erogenoen sentsibilitatea handitu egiten da (gehien bat ezezagunenak direnak). Badirudi aro honetan bi gorputzak elkar ulertzea erabaki dutela, baina koitotik harantz. 

Argi dago, gorputzaren erantzuna aldatzen doala, baina aldatzeak ez du desagertzea esan nahi. Gorputza dugun heinean, desioa existitzen da, eta gorputzaren erantzun sexuala hor dago, goian aipatu moduan erritmo ezberdinarekin. Zoritxarrez, ez da gorputza eta gorputzaren desioa zahartzaroko etsai nagusia. Horrela, aurreiritziak, oztopo handiagoa dira zahartzaroko sexualitatea ulertzeko garaian.

Adinduekin lan egiten dut, eta asko erakusten  didate beraien bizipenak nirekin tartekatzen dituztenenean, beraien  ibilbidean, sexualitatearen bilakaera ezagutzeko. Horrela, teorikoki sexologiako ikasketetan zahartzaroko sexualitateari buruz ikasi nuena, beraien bizipenen bidez gehiago ezagutu dut.

Beti gogoratuko dut emakume talde batek esandakoa “La vida empieza hoy“ pelikula ikusi ondoren. Erabat identifikatuta agertu ziren pelikulan ikusitakoarekin, eta ziotenez beraien heziketagatik jasotako mugak, bizitzan aurrera eginez gaindituz joan diren bezala, argi zeukaten, beraien seme-alabak, gazteak, oraindik ere muga batzuk gainditu behar ditugula beraiena ulertzeko garaian, horrela zahartzaroko sexualitateari begirada irekiagoa egiteko.

Olatz Berastegi

 

Patxi Izagirre heriotzaz aritu da

Ederra izan zen ostiraleko hitzaldia. Ederra izan zen, denon artean konpartitu genituen bizipen, emozio… guztiak. Ederra izan Patxirekin berriz ere egotea…harremanak_elkartea<-patxi_izagirre_hitzaldia_heriotza

Ze ausartak izan zineten hitzaldira etortzen, jakinda hainbeste maitatutako pertsonen galera hain berria zegoela kasu batzuetan eta beste batzuetan heriotza hain prozesu zaila izan denean.

Hitzaldian geunden danok, asko maite dugun gure gertuko pertsona bat agurtu behar izan dugu, denok modu ezberdin batean: istripuan hildako semea, ezbeharrez hildako semea, buruz beste egindako ama edo alaba, minbiziak eramandako ahizpa, ama, bikote gaztea…

Hunkigarria izan zen denon artean heriotzaz modu ireki batean hitz egitea, gure emozioak komunikatzeko konfiantza sentitzea…

Patxik heriotzaren inguruan eman daitezkeen usteak, haurrekin gaia nola landu, topikoak, doluaren prozesuaz modu naturalean hitz egin zigun. Behar denean ere laguntza eskatzen jakitea garrantzitsua dela ere aipatu zuen. Xumetasunez, umiltasun apalean.

Mila esker hitzaldira etorri zineten guztioi, mila esker zuen parte hartzeagatik eta zuen eskuzabaltasunagatik.

Ondo bizi guztioi

 

Ana Elosegi

Emakumeak gure gorputzak: gure desioak

Gaurko gaia aukeratzen aste honetan gertatu zaizkidan bi gertakarik lagundu didate. Alde batetik, irakurtzen ari naizen azkeneko liburuak “Nacidas para el placer” Mireia Darderrena, eta nirekin kontsultan dagoen emakume baten hitzek “ … konturatu naiz nire desioa nirea dela eta nirekin daramatela beti, baina egindako lanarekin ohartu naiz askotan hori ahaztu egin zaidala”.

Emakumeen desioa kontsultako gaia izaten dugu sexologook, eta askotan desio ezarekin datozen emakumeen diskurtsoetan desioa kanpotik datorren zerbait bezela bizi dutela entzun daiteke.

Hasierako harreran, sexologoon lana desioa zerekin lotzen dugun aztertzea, eta horren inguruko heziketa ematea izaten da. Izan ere, gehienetan, desio sexuala, harreman sexual koitalak edukitzeko gogoarekin lotzen dugu eta daukagun eredu sexualean desioa oso fokalizatuta dago genitalekin.

harremanak_elkartea_nacidas_para_placerBeraz, desioa sexuala edukitzeko gogoa genitaletatik at beste aukera edo praktika sexualetara zabaltzen dugu (begiradak, besarkadak, laztanak, hitz goxoa…). Hau da, lehenego pausuan desioa foko genitaletan soilik ez kokatzen saiatzen gara.

Baina horrekin batera, eta Mireiaren liburuan argi azaltzen den moduan, emakumeekin egiten den lanean, beraien gorputzaren ezagutza eta plazer-gaitasuna landu behar dira. Urteetan, gure gorputzen bizipenak mezuz inguratuta egon dira. Plazerra pekatuarekin lotu da, masturbazioa ez digute emakumeoi baimendu, eta gaur egun oraindik beraien gorputzarekin plazerra bilatzen duten emakumeei “ salida “ eta “ guarra” deitzen zaie. Mezuak eta kanpotik iristen diren oihartzunak albo batera utzita, ezagutza da biderik eraginkorrena.

Gure gorputzarekin, eta berarekin lortu dezakegun plazerra gureganatu behar ditugu, eta gure sexualitatea bizitzerakoan, gozamena gure ardura dela eta ez bestearena jakin behar dugu. Gure gorputzak izugarrizko aukerak eskaintzen dizkigu ibilbide horretan, eta horretarako ezinbestekoa da gure genitalak ezagutzea eta gure gorputzaren atala diren moduan integratzea.

Gure gorputza ezagutu, bizi, eta sentitu; gure desioekin topo egiteko bide bakarra delako. Bidai berri horretan, bakarka edo aukeratzen dituzuen bidelagunekin, bidai on izan !!

Olatz Berastegi