Euskal Herriko #KM_SexuInkesta

KaixoMaitia atariak kaleraturako inkestari buruz hau da gure balorazioa 

 

Inkestaren datuak irakurrita, esan dezakegu bikote harremanak garrantzia dutela euskal herritarren bizitzan. Emakume eta gizon gehienak bikote harremanean bizi dira edo bikote harremana edukitzea nahi dute. Bikote harremana konfiantzan oinarrituta egotea nahi dugu eta elkarrekin ondo pasatzea bilatzen dugu.

Ongi dago jakitea zer nahi dugun harreman batean gaudenean, hala ere datu hauek ikusita eta kontsultan ikusten dugunarekin lotuta, esan dezakegu geroz eta gehiago exijitzen diogu harreman bati, eta inkestak dioen moduan zoriontasuna helburua izanik, garrantzitsua da konturatzea bikoteak ezin dituela bizitzako esparru guztiak elikatu, hau da, bikotearekin ongi pasatzea ongi dago, baina bikoteaz aparte gure bizitza elikatzea, eta gure kabuz disfrutatzen ikasteak ere bikote harremana elikatzeaz gain gure buruaren eta gure zoriontasunaren jabe egiten gaitu.

Horrela bikote harremanari eskatzen dioguna orekatu daiteke norberak beste bide batzuk eraikiz (lagunak, norberaren aktibitateak). Honetaz gain, jakin behar dugu, bikote harreman bateko konfidantza edo bikoterarekin ongi pasatzea, ez direla ezer egin gabe agertzen. Harreman guztiak elikatu egin behar dira, eraiki eta hori partaide guztien ardura da. Bikoteari, harremanari, gauza asko exijitzen dizkiogu, eta eskaerak egiterakoan zenbatetan galdetu diogu geure buruari eskatzen duguna nola eskeintzen dugun?

sexual_inkesta_esukaldunak_harremanak_elkartea

Erich Frommek esan zuen moduan…

“ Inoiz ez duzu zure bizitzako amorea bilatuko, maitasuna ez baita topatzen eraikitzen baizik”. 

Datuen irakurketa egiten, bikotea izateko moduan ikuspegi ezberdinak agertzen diren arren ( bikote irekiak…) eta horiek onartzen badira ere, praktikan eramateko garaian zailtasunak agertzen dira, ez dira hain eramangarriak ikusten. Horrela, esan genezake inportantea dela eredu ezberdinak ikusten direla baieztatzea, eredu ezberdinak onartzen ditugula ikustea, horrela gizartean guztion aukerak ikus daitezen, mailak ezarri gabe. Ondorioz, bakoitzak gehien egokitzen zaion eredua aukera dezake; inportanteena, hori bai, bikote bakoitzak bere harremanari forma ematerakoan bikotekideen emozioei entzunez, elkarri zainduz nahi duten eredua eraikitzea.

Harreman sexualak baloratzerakoan, esango dugu kontzeptuak oraindik nahasten direla, edo harreman sexualetaz hitz egiterakoan harreman genitalak soilik hartzen direla kontutan; adibidez, astean zenbatetan nahi dugun harreman sexualak aipatzerakoan, ikusten da -ez dugu uste, behintzat- hor muxuak, laztanak, elkarri esan ahal dizkiogun hitz goxoak, eta besarkadak kontutan hartzen direnik. zaila baita hori zifretan kontabilizatzen.

sexual_inkesta_harremanak_elkartea

Inkestaren emaitzen arabera praktika sexualei dagokionez, gure nahia ez dator bat dugunarekin, eta uste dugu horretan askotan baduela garrantzia gizartean hedatuta dagoen eredua.

Komunikabide eta interneten gehien hedatua dagoen eredua da koitozentrista, gaztea, eta kantitatean oinarrituta; horren eraginez etengabe frustazio handia izaten dugu, gure bizitza sexuala ez datorrelako bat uste dugunarekin, eta hor gure desioak, eta gure gorputzak eskeintzen dizkigun desioak ezagutu beharrean etengabe gizartetik datorren ereduarekin konparatzen gara. Hori da gure lanean ikusten duguna, eta emaitzak ere horrela agertzen dutela esan daiteke.

Zorionez, datuen arabera, estereotipoak puskatzen hasiak gara, eta emakumeak gizonen moduan izaki desiragarriak direla argi bagenuen ere, inkestaren datuetan konfirnatzen da. Horrela ere gertatzen da emakumeen masturbatzearekin.

harremanak_elartea_kaixo_maitia_1ºharremanak_elkartea_kaixomaitia_2

Ligatzeko moduak era zabaltzen ari dira, eta modu berriak inkorporatzen ari gara, nahiz eta ikusi oraindik ere aurreiritziak ez dutela laguntzen ligatzeko bideak aukeratzerakoan; horrela, internet baliogarri ikusten den arren, ez da hain erabilita, batez ere harreman heterosexualak dituztenen artean.

Argi dago harreman sexualak edo bikote harremanak nahi izatekotan ezinbestekoa dela ligatzen saiatzea. Ea behingoz zabaltzen dugun, gure desioak agertzea, besteengana hurbiltzea, ligatu nahi dugula erakustea, ez diola gure buruari balioa kentzen. Harreman sexualak, nahi ditugu, bikotea nahi dugu, baina horretan esfortzua jartzea zerbait negatibo bezela bizitzen dugu, Ondorioz gure nahia eta desioak argi eta garbi azaldu behar dugunean… kosta egiten zaigu.

Bizitzaren edozein esparrutan lortzen al dira gauzak gogoa eta esfortzurik gabe?

Txostena osoa hemen irakur dezakezu

 

Zeinek ote du ba maitasun osasuntsuaren giltza?

Norberak bere buruaz eta inguruaz ikasteko beharrezkoak dira hausnarketak, lan pertsonalak eta, noski, askotan parean topatzen dituzun egoerak zurekin zerikusia handia daukatela konturatzen zara. Azken finean, pertsonak ez gara hain ezberdinak, batzuetan konszienteago, beste batzutan ez hain konsziente, baina sustraian guztiak behar berdinak ditugu. Behar guztien artean, gaurkoan harreman eta bereziki bikote harremanei erreparatuko diot.

Joan Garrigak psikologo kataluniarrak bere liburu batean aipatzen duen moduan, gizakiok harremanen beharra daukagu, eta guztiok gure bizitzan zehar beste pertsona berezi bat, eta berezi sentiarazten gaituenaren topatzeko gogoa sentitzen dugu. Ni erabat ados nago berarekin, eta gehituko nuke gizakiok bikote harremanak bilatzen eta nahi izaten ditugula, baina aldi berean gatazkatsuak bihurtzen direla, eta zailtasun ugari izaten ditugula aurrera eramateko garaian.

harremanak_elkartea_joan_garriga_bikotea

Zeinek ote du ba maitasun osasuntsuaren giltza?

Egia da zaila dela asmatzea, baina harreman onak eraikitzeko  beharrezkoa da, maitasuna deritzogun hori ekintzetan gauzatzea. Horretarako, argi eduki behar dugu zoriontasuna ez digula inork ematen edo kentzen, eta harreman onak eraikitzeko garaian bakoitzak badaukagula gure ardura. Bikote harreman batean, edozein harremanetan gertatzen den moduan, gertaerak inoiz ez dira baten ardura soilik, biena baizik. Horregatik, eta erraza ez izan arren, gure burua ezagutzeko, eta gozatzeko interesgarria izan daitekeen bidai honetan argibide batzuk edukitzea lagungarria dela esango nuke:

  • Bikote-kontratua eraikitzea: hau da, bikote bezala zein da elkarrekin eraiki nahi duguna, zer gauzak dira garrantzitsuak bikotearen partaide bakoitzarentzat, nola kudeatu bakoitzaren espazioak, eta elkarrekin eraiki nahi ditugun espazioak. Norbera eta bestearen espazioen arteko mugak, kanpora begirako mugak, familia, lagunak…
  • Harremanean jaso eta emandakoaren arteko oreka zaintzea: bikoteko partaide bakoitzak sentitu behar du, eman eta jasotzen denaren arteko oreka dagoela. Egia da, garai batzuetan gehiago ematea, eta beste batzuetan jasotzea tokatzen dela. Arazoa izaten da, partaide batek sentitzen duen desoreka denboran luzatzen denean.
  • Bikotekidea, bere itzalekin onartzea: ez dugu maitatu behar guk besteaz eraiki dugun irudia, bestea dena baizik. Hau da, ezin dugu pentsatu gure bikotea guztiz ezagutzen dugula; egunero ezagutzeko aukera daukagu eta hori mantzentzea oso lagungarria da. Bestea ez da guk nahi duguna, bera dena baizik bere indargune eta ahuleziekin.
  • Elkarrekiko kooperazioa bilatu harremanetan: elkarrekin irabazten dugu. Elkarrekin ondo pasatzeaz gain,   une txarrak ere elkarrekin pasatzen ikastea. Hau da, elkarrekin irriak eta negar egitea.

 

Bidea aberatsa suerta daiteke, konsziente, eta gure barnera begiratuz egiten dugunean.

Olatz Berastegi

Mutilak adarrak jarri dizkit

Aholkularitza zerbitzua: Zuen galderei erantzunez

 

Ez dakit txoko honetan galdetzeko kontua den, baina, nire mutilak adarrak jarri dizkit eta ez dakit barkatu ala ez. Agian sexologoa izanda zuk inork baino gomendio hobea emango didazu. Kontua da, nire mutil-laguna duela gutxi bere neska-lagun ohiarekin atera zela parrandan, eta hurrengo egunean bere mezuak eta deiak ikusi nizkion mugikorrean. Gainera, nire lagun batek parrandan hartan “ligatzeko” jarreran ikusi zuela esan zidan, eta horrek susmoak eragin zizkidan. Hori dela eta, berari galdetzea erabaki nuen eta nahasmen momentu bat izan zuela, eta bere neska ohiarekin enroiatu zela esan zidan.

Orain ez dakit popatik hartzera bidali behar dudan ala berarekin normal jarraitzea izango den onena. Berak nirekin egon nahi duela esan dit, baina, harreman estua du bere neska ohiarekin. Eta berriz gertatzen bada zer? Nik nire sentimenduak argi ditut eta berarekin egon nahi dut.

harremanak_elkartea_adarrak_jarri

Kaixo,bukaeratik hasiko naiz: zuk esaten duzu argi duzula eta berarekin egon nahi duzula. Beraz, berarekin nola egon nahi duzun finkatu beharko zenuke. Nik uste dut berarekin hitz egin behar duzula jakiteko zuen harremana non oinarritzen den. Askotan harreman batean gerta daiteke beste pertsona batekin enroilatzea, eta guri gustatu ala ez, hori gertatzen da, pertsonak inoren propietatea ez garelako, eta beste pertsona batzuekin gure bikoteaz gain erakarpena sentitu dezakegulako. Kontua da erakarpen horrekin zer egiten dugun. Zure kasuan gertatu da, eta uste dut garrantzitsua dela, hor zer gertatu denez hitz egitea, alegia, zuri ze emozio mugitu zaizkizun zure bikotekideari azaltzea, eta zurekin egotea zer suposatzen duen azaltzea. Ondo legoke berari azaltzea harreman horretaz espero duzuna, eta bera zurekiko non dagoen eta ze espero duen ere esatea. Inportanteena konfiantza eta elkarri errespetua ez faltatzea da, hori edozein harremanaren oinarria delako.

 

Olatz Berastegi

Zertarako aholkularitza sexologikoa?

Ia gehienen iritziz, Sexologia sexua aztertzen duen zientzia da; eta sexua gure genitalekin egiten duguna da. Sexologia, aldiz, Sexuak aztertzen dituen Zientzia da. Beraz, emakumeak emakume diren heinean aztertzen ditu, gizonak gizon diren heinean, eta emakumeak eta gizonak sexudunak garenez elkarren artean ditugun harremanak ere (intimoak eta publikoak) kontuan hartzen ditu.

Sexologian sexua ez da egiten, eta ez da edukitzen: sexudunak gara. Eta garelako (sexudunak) dauzkagu (ezaugarri sexualak) eta egiten ditugu (jokaera sexualak).

Sexu arteko elkarbizitza hori saihestezina den arren, beti ez da harmoniatsua izaten. Sexologoek harmonia hori sustatzeko lan egiten dugu. Pertsonen arteko harreman intimoekin lotutako gaiak artatu, sustatu, parte hartu, garatu eta ikertzen ditugu. Honakoak dira erreferentziazko giltzarriak: gizabanakoa, bikotea, familia,hezkidetza, elkarbizitza, sexua, sexualitatea, maitasuna, interakzioa, harremana, intimitatea, konpromisoa, ongizatea, asebetetzea, negoziazioa, aitatasuna eta amatasuna, aniztasuna, plazerra, desioa, gorputza eta noski emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna.

harremanak_elkartea_aholkularitza_sexologikoa

Gizonekin, emakumeekin eta horien arteko harremanekin zerikusia duen oro materia sexologikoa da. Ez haien gorputzei eta genitalei gertatzen zaiena bakarrik. Haien biografiei, harremanei, nortasunei, nahiei… gertatzen zaiena ere materia sexologikoa da, gizon diren heinean, emakume diren heinean eta elkarrekin aniztasunean harremanak dituzten eta elkarren mendekoak diren heinean.

Aholkularitzaren oinarrian Ongi aholkatzearen artea dago. Aholkuak ematen dira (orientabidea, informazioa, bideak, aukerak, konponbideak…), irtenbidea aurkitzeko (irteerak, moldaketak, hobekuntzak, arrakastak…). Zerbitzua behar duten pertsonak berez gai dira, trebeak dira eta eskumenak dituzte, baina zerbaitekin kateatu egin dira arrazoi bat edo bestea dela eta. Beraz, kontua ez da sendatzea, konpontzea; berreskuratzea eta berreraikitzea baizik. Kasurik txarrenean kateatze horretatik askatzen saiatzen gara, eta kasurik onenean, berriz, elikatzen. Autolaguntzako liburuen antzeko xedea du, azken batean. Baina liburu horietan formula unibertsalak eskaintzen dira, jendeari orokorrean zuzendutakoak, eta gure kasu honetan, berriz, eskari zehatzei erantzuteko formula bereziak eskaintzen ditugu.

Jakina da, gaur egun, gazteek zein helduek informazio asko daukagula berdintasuna eta sexuaren inguruan, bai kalean, lagunen artean, internet bidez eta beste hainbeste informazio iturrietatik.

Hala ere, gertatu ohi da, ikusi eta entzuten ditugun gauza denak, guztiz fidagarriak ez izatea. Adibidez, lagun baten ahotik entzun dezakegu “bikote bat jeloskorra denean maite gaituen seinale da”, “nire gorputza aldizkarietan agertzen diren modukoa ez bada, ez naiz erakargarria izango” edota “hilekoa izanda ezin da haurdunaldirik eman”. Izan ere, esaldi hauek kaletik entzun ditzakegu baina jeloskortasuna eta maitasuna ez dira sinonimoak, batek larrosaren usaina maite du eta besteak kolorea eta hilekoarekin egonda haurdunaldia gerta daiteke.

Horretaz gain, informazio asko izateak, ez du esan nahi, ligatzeko orduan lotsarik edo segurtasun faltarik ez agertzea, bikote mailan zelan jokatu behar den beti jakitea, desioaren orientazioaren inguruan dudarik ez izatea, bikote bat apurtzean egonezina sortuko ez denik, zein den antisorgailu egokiena kasu desberdinetan jakitea (era aproposean erabiltzea ere garrantzitsua dela kontutan izanda), eta sortu daitezkeen sexualitate inguruan hainbat galdera, lagunekin eta aldizkarien bidez erantzuteko zailak direnak.

Bikote harremanak

Bizitzako esperientziak, hau da, harremanak, harremanetan ditugun gatazkak, galerak, gaixotasunak, gure burua ezagutzen lagundu ohi digute, horrela bizitza aurrera doan heinean gure alde guztiak ezagutu, onartu eta beraiekin bizitzen ikasiko dugu.

Bizitzako beste alorrekin gertatzen den moduan, bikote harremanetan ere etengabe ikasten gabltza, gure buruaz, eta baita harremanetaz ere. Bikote harremanak, harreman garrantzitsuak izan ohi dira guztiontzat, baina nola eraiki behar ditugun gutxitan erakutsi digute. Fina Sanz psikoterapeutak eman dizkidan formazio ezberdinetan beti gogorarazi digu maitasuna dela bidea egiten laguntzea. Argi erakutsi digu norberak bere bidea egiten duela, baina oso ondo dagoela bidea elkarri lagunduz eta elkarrekin egitea. Bakardadean ibiltzen ikasi behar dugu, kontuan hartuta bestearen presentzia oso atsegina dela.

harremanak_elkartea_bikote_harremanakHau da, bikote harreman batean, besteari entzuten, laguntzen, zaintzen ikasten dugu, aldi berean bestearengandik, laguntza eta zaintza jasotzen ikasten dugu ere, ahaztu gabe norberak bere bidea duela eta ez ditugula espazio guztiak konpartitu behar. Hau da, pertsona batekin harreman bat eraikitzeko, pertsona bat maitatzeko ez dela derrigorrezkoa denbora osoa konpartitzea berarekin, aisialdiko ordu guztiak berarekin pasatzea, zaletasun berdinak edukitzea, ez eta alor guztietan ados egotea.

Gurasoengandik jasotako eredu fusionala, non bikote izatea mundu bakar bat eraikitzea suposatzen zuen, gaur egun bikote askorentzat ez du eredu bezela balio, eta askotan ereduak ez edukitzeak beldurra ematen digu, euskarririk gabe geratzen garelako. Ereduak ez edukitzeak ez du esan nahi euskarririk ez ditugunik, baina esango nuke bikote bakoitzari bere bidea egitea tokatzen zaiola, eta norberak erabakitzen duela zein den bide egokiena. Bide honetan lagungarri iruditzen zaizkidalako, eta arestian Fina Sanzek esaten duen ildotik dihoaztelako gaurkoan Fritz Perls Gestalt terapiaren sortzaileak harreman osasuntsuak eraikitzeko proposatzen dituen ideia batzuk luzatzen dizkizuet: bestearen ezberdintasunak errespetatzea, ardurak hartzea, konpromezua, ni eta bestearen arteko limiteak argiak izatea, hau da nirea dena eta ez dena argi izatea.

Olatz Berastegi