Euskal Herriko #KM_SexuInkesta

KaixoMaitia atariak kaleraturako inkestari buruz hau da gure balorazioa 

 

Inkestaren datuak irakurrita, esan dezakegu bikote harremanak garrantzia dutela euskal herritarren bizitzan. Emakume eta gizon gehienak bikote harremanean bizi dira edo bikote harremana edukitzea nahi dute. Bikote harremana konfiantzan oinarrituta egotea nahi dugu eta elkarrekin ondo pasatzea bilatzen dugu.

Ongi dago jakitea zer nahi dugun harreman batean gaudenean, hala ere datu hauek ikusita eta kontsultan ikusten dugunarekin lotuta, esan dezakegu geroz eta gehiago exijitzen diogu harreman bati, eta inkestak dioen moduan zoriontasuna helburua izanik, garrantzitsua da konturatzea bikoteak ezin dituela bizitzako esparru guztiak elikatu, hau da, bikotearekin ongi pasatzea ongi dago, baina bikoteaz aparte gure bizitza elikatzea, eta gure kabuz disfrutatzen ikasteak ere bikote harremana elikatzeaz gain gure buruaren eta gure zoriontasunaren jabe egiten gaitu.

Horrela bikote harremanari eskatzen dioguna orekatu daiteke norberak beste bide batzuk eraikiz (lagunak, norberaren aktibitateak). Honetaz gain, jakin behar dugu, bikote harreman bateko konfidantza edo bikoterarekin ongi pasatzea, ez direla ezer egin gabe agertzen. Harreman guztiak elikatu egin behar dira, eraiki eta hori partaide guztien ardura da. Bikoteari, harremanari, gauza asko exijitzen dizkiogu, eta eskaerak egiterakoan zenbatetan galdetu diogu geure buruari eskatzen duguna nola eskeintzen dugun?

sexual_inkesta_esukaldunak_harremanak_elkartea

Erich Frommek esan zuen moduan…

“ Inoiz ez duzu zure bizitzako amorea bilatuko, maitasuna ez baita topatzen eraikitzen baizik”. 

Datuen irakurketa egiten, bikotea izateko moduan ikuspegi ezberdinak agertzen diren arren ( bikote irekiak…) eta horiek onartzen badira ere, praktikan eramateko garaian zailtasunak agertzen dira, ez dira hain eramangarriak ikusten. Horrela, esan genezake inportantea dela eredu ezberdinak ikusten direla baieztatzea, eredu ezberdinak onartzen ditugula ikustea, horrela gizartean guztion aukerak ikus daitezen, mailak ezarri gabe. Ondorioz, bakoitzak gehien egokitzen zaion eredua aukera dezake; inportanteena, hori bai, bikote bakoitzak bere harremanari forma ematerakoan bikotekideen emozioei entzunez, elkarri zainduz nahi duten eredua eraikitzea.

Harreman sexualak baloratzerakoan, esango dugu kontzeptuak oraindik nahasten direla, edo harreman sexualetaz hitz egiterakoan harreman genitalak soilik hartzen direla kontutan; adibidez, astean zenbatetan nahi dugun harreman sexualak aipatzerakoan, ikusten da -ez dugu uste, behintzat- hor muxuak, laztanak, elkarri esan ahal dizkiogun hitz goxoak, eta besarkadak kontutan hartzen direnik. zaila baita hori zifretan kontabilizatzen.

sexual_inkesta_harremanak_elkartea

Inkestaren emaitzen arabera praktika sexualei dagokionez, gure nahia ez dator bat dugunarekin, eta uste dugu horretan askotan baduela garrantzia gizartean hedatuta dagoen eredua.

Komunikabide eta interneten gehien hedatua dagoen eredua da koitozentrista, gaztea, eta kantitatean oinarrituta; horren eraginez etengabe frustazio handia izaten dugu, gure bizitza sexuala ez datorrelako bat uste dugunarekin, eta hor gure desioak, eta gure gorputzak eskeintzen dizkigun desioak ezagutu beharrean etengabe gizartetik datorren ereduarekin konparatzen gara. Hori da gure lanean ikusten duguna, eta emaitzak ere horrela agertzen dutela esan daiteke.

Zorionez, datuen arabera, estereotipoak puskatzen hasiak gara, eta emakumeak gizonen moduan izaki desiragarriak direla argi bagenuen ere, inkestaren datuetan konfirnatzen da. Horrela ere gertatzen da emakumeen masturbatzearekin.

harremanak_elartea_kaixo_maitia_1ºharremanak_elkartea_kaixomaitia_2

Ligatzeko moduak era zabaltzen ari dira, eta modu berriak inkorporatzen ari gara, nahiz eta ikusi oraindik ere aurreiritziak ez dutela laguntzen ligatzeko bideak aukeratzerakoan; horrela, internet baliogarri ikusten den arren, ez da hain erabilita, batez ere harreman heterosexualak dituztenen artean.

Argi dago harreman sexualak edo bikote harremanak nahi izatekotan ezinbestekoa dela ligatzen saiatzea. Ea behingoz zabaltzen dugun, gure desioak agertzea, besteengana hurbiltzea, ligatu nahi dugula erakustea, ez diola gure buruari balioa kentzen. Harreman sexualak, nahi ditugu, bikotea nahi dugu, baina horretan esfortzua jartzea zerbait negatibo bezela bizitzen dugu, Ondorioz gure nahia eta desioak argi eta garbi azaldu behar dugunean… kosta egiten zaigu.

Bizitzaren edozein esparrutan lortzen al dira gauzak gogoa eta esfortzurik gabe?

Txostena osoa hemen irakur dezakezu

 

Nire alabak sei urte ditu eta bere genitalak ukitzen harrapatu nuen…

  • Nire alabak sei urte ditu eta aurreko egun batean bere genitalak ukitzen harrapatu nuen, arraroa egin zitzaidan gorri-gorria zegoela ikusi nuelako, egoera horren aurrean ez nuen jakin zer egin.
  • Nire 5 urteko semea eta bere lagunak medikuetara jolasten ibiltzen dira gelan sartuta. Hori normala al da?

Horrelako egoera, eta galderak maiz iristen dira gurera, askotan helduak horrelako egoera baten aurrean rekurtso gabe sentitzen garelako, erantzun baten bila joaten gara. Orain dela urte batzuk, erantzuna argia zen, genitalak ukitzea ez zegoen ondo ikusita, horren arabera, horrelako jarrerak debekatzen ziren.Haurren sexualitatea debekuen arauetan mugitzen zen, eta existituko ez balitz bezela jokatzen zuten.

Gaur egun, aldiz, askotan hitz hau entzun ohi dut “ hori normala da”, medikuak, irakasleak, psikologoak, askotan helduei goian aipatutako egoera azaltzen dutenean “normala hitza aipatzen dute” eta badirudi horrekin dena esanda dagoela. Sexologiaren aldetik normala hitzak ezer gutxi argitzen du, sexualitatea eta bere adierazpenaren inguruan.

 

harremanak_elñkartea_haurrak_sexualitatea

Horregatik eta haurren sexualitateari dagokion espazioa eskeintzeko ondorengoa aipatuko nuke:

  • Normala hitza ez nuke aipatuko. Goain aipatutako egoerak, egoera osasuntsuak dira, erakusten digutenak haurrak ere gorputza dutela.. Haurrei  lasai, eta askatasunez uzten badiegu, beraien gorputza esploratzera joko dute, eta noski esplorazio horretan, beraien plazerrarekin topo egingo dute, eta hori lorpen handia da beraientzat. Honela, haurrak bere plazerrarekiko autonomoak direla sentituko duelako.
  • Haurren sexualitatea- bere gorputzaren deskubrimentuarekin erlazio zuzena dauka, plazerra ematen dieten ekintzen deskubrimentuarekin. Honengatik haurrak genitalak ukitzen dituzte, eta beraien artean joku sexualak burutzen dituzte.

Eta honen aurrean nola jokatu beharko genuke:

Jabetu gaitezen horrelako egoerak helduoi emozioak mugitzen dizkigutela . Beraz, kokatu dezagun gure emozioa gure gorputzan, gure den heinean       haurrari ez transmititzeko.

  • Baloratu zein positibo den haurrarentzat, bere gorputzaren plazerrarekin topo egitea.
  • Haurra soazializazio prozesu batean dago, gure gizartean ditugun arauak oraindik ez dakizki. Beraz, bere gorputzarekin disfrutatzeko ( genitalak ukitzen ditunean, joko sexualak burutzen ditunean), bere espazioak eta bere denborak hartu behar dituela, erakutsiko diogu., . Horrela da, haurrak oraindik ez dakienez gure gizartean badaduela praktika sexual batzuk jende aurrean egiten ez ditugunak.Honekin, intimitatea zer den eta nola eraikitzen den erakutsiko diogu.
  • Haurren arteko joku sexualetan- beste edozein jolasetan bezela, partaide guztiak eroso sentitzea, eta inork ez egitea gogoa ez duen ezer bermatuko dugu.

Bukatzeko, atera gaitezen ” normaltasunaren” arautik,ez dezagun begirada alde batera eraman,goazen gure haurrei bere sexualitatea eraikitzen lagunduko dien giltzarriak eskaintzera beraien gorputza eta nortasuna gozamenez eraiki dezaten.

Urte hasieran asmo berri

Urte berriarekin batera asmo berriak datozkigu , baina askotan ezin bete igarotzen da urtea.

Sexualitateari dagokionez, ere asmo berri ugari ipini ditzazkegu, baina ez bagara horretan jartzen ez dugu ezer lortuko. Hau da, galdera asko egiten ditugu ondo pasatzearen inguruan, eta askotan aholkuak ematea zaila izaten da, eta beste batzuetan aholku berari ere ez diogu jaramonik egiten. Baina dena den, eta plazera helburua izanik gauza sinpleenetatik hasiko gara, gure gorputza. Azken an, harremanetaz disfrutatzeko gure gorputza ezagutzea eta zaintzea ezinbestekoa da. Eta hau nola egin dezakegu?

harremanak_elkartea_2016_sexualitatea

Gaurkoan ezagutzeari ekingo diogu eta nesken gorputzaz arituko gara. Gorputz osoa, begiratuz ezagutu dezakegu baina gure organu genitalak ezagutzeko baliabideak behar ditugu. Honerako, momento eta toki lasai bat aukeratu, ispilu bat hartu hanken artean ipini eta ekin lanari. Hor aurkituko dituzu, ezpain nagusiak, ezpain txikiak, klitoria, meatoa, eta bagina. Aztertu, kolore ezberdinak ikusi, eta nahi izanez gero hilekoaren zikloaren barruan egun ezbedinetan begiratu dezakezu. Beno, ba hasi zuen gorputza ezagutzen, disfrutatzen, eta horrela gozamenaren bideari hasiera emango diogu.

Olatz Berastegi

Eta zuk zure G puntua aurkitu al duzu?

Hau da askotan entzuten den galdera. Azkeneko urte hauetan, G puntuak oihartzuna izan du, eta hau dela eta istorio ezberdinak entzun ohi dira honen inguruan. Emakumezkoak, gizonezkoak, denak G puntua omen dugu eta gakoa aurkitzean omen dago. Gainera, esaten denez, aurkikuntza ez dela hain erreza, eta askotan lehiaketa baten sartuta gaudela ematen du.

 

Sexologiak, sexologoek, erronka handia izan dugu gure buruarekin senti dezakegun plazera genitaletatik ateratzeko. Eta ausartuko naiz esatera oraindik ere horretan gabiltzala. Horretan gainera, G puntu zoragarri horren agertzeak ez digu argi gehiegi eskaini… Pentsa, sentitu dezakegun plazera genitaletan kokatzea nola murriztu dizkigun aukerak, eta ondoren G puntu batera murrizten badugu, gureak egin du!

harremanak_elkartea_G_puntua

Horrela ikusita, harreman sexualetan lortu dezakegun plazera helmuga bat dela dirudi, eta ondorioz helmugara, hau da , G puntura iristerakoan lortzen dugula merezitako saria. Iristen ez bagara saririk ez, egindako ibilbidea zertarako? Zorionez, plazera ibilbide luze bat da, etenik gabekoa, helmuga gabekoa, bizitza guztian eta etengabe eraikitzen dugun bide zoragarri bat. Plazera sentitzeko gaitasuna gorputz osoan daukagu, eta harreman sexual batean bakarka edo konpainian sentitu dezakegun plazera ez dago hain lotuta puntu konkretuetara.

 

Gure sexualitateak, hau da, gure gorputzarekiko dugun harremanak dimentsio ugari ditu (indibiduala, soziala). Beraz, gorputzarekin sentitzeko dugun gaitasuna, egoera emozional, fisiko, eta sozialari lotuta dago erabat. Puntu bakar bat ez, ikusten denez puntu asko ditu gure plazerak.

G puntua bilatzen energia erabili beharrean, ikas dezagun gure gorputza maitatzen, sentitzen, garen hori mementu oro bizitzen, bakarrik, edo beste norbaitekin konpartitzen.

Agian zailagoa da, horrek helmuga konkretu bat ez duelako, norberak etengabe eraikitzen duelako, eta askotan erreferentzirik gabe gaudelako. Baina esango nuke aberatsagoa dela, puntu bat baino gehiago garelako, eta saria bide osoan zehar aurkitzen dugulako eta ez soilik bukaeran.

 

Olatz Berastegi

12-18 urte bitarteko sexualitatea: lehenengo harreman sexualak

Sexualitatea hitza gazteari lotuta agertzen denean, gehienetan arriskuekin lotzen da. Badirudi, sexualitatea, harreman sexual genitalak daudenean hasten dela. Hau da, gazteen sexualitateari erreparatzen diegu, harreman sexual genitalak dituztela antzematen dugunean, eta gainera momentu honetan ere sexualitatea bere osotasunean ikustea kosta egiten zaigu.

Zertaz ari gara sexualitateaz ari garenean? Galderari honi erantzun behar genioke, eta ondoren 12-18 urte bitarteko gazteen sexualitatearen ezaugarriak ezagutu beharko genituzke, gure lana beraiekiko positiboa eta errespetuzkoa izan dadin. Sexualitatea, gizakion ezaugarri bat da, eta jaiotzen garenetik hil arte daukagu. Sexualitatea, labur esand, gure gorputzarekin dugun erlazioa da, bakoitzak bere mutil eta neska izate nola bizitzen duen. Gure gorputza beti berdina ez denez, gure sexualitatea ere aldatuz doa.

Hurrengo lerroetan 12-18 urte bitartekoen sexualitatearen ezaugarriak eta guraso bezela nola jokatu daitekeen azalduko da.

Zeintzuk dira adin tarte honetako sexualitatearen ezaugarri nagusiak?

  1. Gorputzari dagokionez:

Haurraren gorputza gizon/emakume bihurtzen den unea da. Aldi honetan gorabehera asko izaten dira, aldaketa handiak gertatzen direlako, eta gazteak etengabeko aldaketei egokitu beharra dutelako. Hortik dator “nerabe” aroko krisia. Pubertaroan finkatzen dira gorputzean sexu identitateari dagozkion ezaugarriak. Haurrak jakin bazekien sexu batekoa ala bestekoa zela; baina orain bere gorputzak berretsi egingo du erabateko aldaketaren bidez.

Momentu honetan gorputzaren irudiak berebiziko garrantzia du. Nerabeak etengabe aldatzen ikusten du bere gorputza, eta segurtasun eza eta kezka nagusitzen dira. Nerabeak etengabe edertasun ereduekin alderatzen du bere burua, eta haien berdina eta desberdina zertan den begiratzen du. Askotan, edertasun eredutik asko aldentzeak autoestima arazoak ekar ditzake, eta horrek bere bizimoduan eta harremanetan gorabeherak sor ditzake. Zer esanik ez, edertasun eredua modaren asmakizun hutsa dela eta gizabanakoa ez da gizonagoa ala emakumeagoa eredu horretatik zenbat eta hurbilago dagoenean.

  1. Desioaren orientazioa:

Adin tarte honetan sexu joerak definitzen eta egonkortzen dira. Neska-mutilek nerabe aroan definituta dute beren sexu orientazioa nahiz eta ez izan sexu harremanik.

harremanak_elkartea_gazteak_sexualitatea

  1. Maitemina eta maitasuna:

Maiteminaren fenomenoa agertzen da, eta nahiz eta oso gertaera indibiduala eta norberaren baitakoa ematen duen, baditu ezaugarri unibertsal batzuk:

  • Desioa oinarrizko energia da. Sexu atsegina bilatzeko beharraren sentipena da.
  • Erakarpena desioa objetu jakin bati bideratzea da. Erakarpena, desioaren orientazioarekin, gizabanakoaren joerarekin lotuta dago

Hau guztiagatik, eta norberaren identidade eta desioa eraikitze momentu bat delako, nerabe askok harreman laburrak eta aldakorrak izaten dituzte. Esperimentazio garaia denez, ez dituzte zergatik heldu batek bezela bizi behar harremanak. Adin tarte honetan, gazteak harremanak nola eraiki ikasten ari dira, gustoko jarrerak ezagutzen ere, eta honetarako esperimentatu behar dute.

Eta honen aurrean, gurasoei beraien seme-alabekin nola jokatu dezaketen hausnartzeko, ondoren ideia batzuk azaltzen dira:

  • Sexualitateaz hitz egitea ez da beldurretaz eta gaixotasunetaz hitz egitea. Sexualitatea gure gorputzarekiko ezagutzarekin eta errespetuarekin lotzea eraginkorragoa da.
  • Kontutan hartu nerabe batek ez diela gurasoei asko galdetuko. Baina askotan galderetan baino beraiekiko konfidantza, gurasoak seme-alabekiko duen jarrerarekin landu dezakete.
  • Beraien lotsak errespetatu. Gurasoak ere badituzte beraien mugak eta lotsak. Hauek gainditzeko errespetuzko jarrera oso garrantzitsua da.
  • Jarrera sexual ezberdinen inguruan gure iritzia eman dezakegu, baina beti ondo azalduz gure iritzi pertsonala dela, eta errespetatuz berak iritzi eta jarrera ezberdina eduki dezakeela.
  • Guraso bezela gure mugak onartu, eta adierazi.
  • Eredu estetikoekin kritikoak izan.
  • Beraien egoera emozionalari buruz galderak egin: Nola sentitzen dira? Eta beraien emozioei hitzak jarri.
  • Beraien gorputza ezagutzera bultzatu, eta harremanak plazerrarekin eta positiboki bizi ditzan lagundu.

 

Olatz Berastegi

Zertarako aholkularitza sexologikoa?

Ia gehienen iritziz, Sexologia sexua aztertzen duen zientzia da; eta sexua gure genitalekin egiten duguna da. Sexologia, aldiz, Sexuak aztertzen dituen Zientzia da. Beraz, emakumeak emakume diren heinean aztertzen ditu, gizonak gizon diren heinean, eta emakumeak eta gizonak sexudunak garenez elkarren artean ditugun harremanak ere (intimoak eta publikoak) kontuan hartzen ditu.

Sexologian sexua ez da egiten, eta ez da edukitzen: sexudunak gara. Eta garelako (sexudunak) dauzkagu (ezaugarri sexualak) eta egiten ditugu (jokaera sexualak).

Sexu arteko elkarbizitza hori saihestezina den arren, beti ez da harmoniatsua izaten. Sexologoek harmonia hori sustatzeko lan egiten dugu. Pertsonen arteko harreman intimoekin lotutako gaiak artatu, sustatu, parte hartu, garatu eta ikertzen ditugu. Honakoak dira erreferentziazko giltzarriak: gizabanakoa, bikotea, familia,hezkidetza, elkarbizitza, sexua, sexualitatea, maitasuna, interakzioa, harremana, intimitatea, konpromisoa, ongizatea, asebetetzea, negoziazioa, aitatasuna eta amatasuna, aniztasuna, plazerra, desioa, gorputza eta noski emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna.

harremanak_elkartea_aholkularitza_sexologikoa

Gizonekin, emakumeekin eta horien arteko harremanekin zerikusia duen oro materia sexologikoa da. Ez haien gorputzei eta genitalei gertatzen zaiena bakarrik. Haien biografiei, harremanei, nortasunei, nahiei… gertatzen zaiena ere materia sexologikoa da, gizon diren heinean, emakume diren heinean eta elkarrekin aniztasunean harremanak dituzten eta elkarren mendekoak diren heinean.

Aholkularitzaren oinarrian Ongi aholkatzearen artea dago. Aholkuak ematen dira (orientabidea, informazioa, bideak, aukerak, konponbideak…), irtenbidea aurkitzeko (irteerak, moldaketak, hobekuntzak, arrakastak…). Zerbitzua behar duten pertsonak berez gai dira, trebeak dira eta eskumenak dituzte, baina zerbaitekin kateatu egin dira arrazoi bat edo bestea dela eta. Beraz, kontua ez da sendatzea, konpontzea; berreskuratzea eta berreraikitzea baizik. Kasurik txarrenean kateatze horretatik askatzen saiatzen gara, eta kasurik onenean, berriz, elikatzen. Autolaguntzako liburuen antzeko xedea du, azken batean. Baina liburu horietan formula unibertsalak eskaintzen dira, jendeari orokorrean zuzendutakoak, eta gure kasu honetan, berriz, eskari zehatzei erantzuteko formula bereziak eskaintzen ditugu.

Jakina da, gaur egun, gazteek zein helduek informazio asko daukagula berdintasuna eta sexuaren inguruan, bai kalean, lagunen artean, internet bidez eta beste hainbeste informazio iturrietatik.

Hala ere, gertatu ohi da, ikusi eta entzuten ditugun gauza denak, guztiz fidagarriak ez izatea. Adibidez, lagun baten ahotik entzun dezakegu “bikote bat jeloskorra denean maite gaituen seinale da”, “nire gorputza aldizkarietan agertzen diren modukoa ez bada, ez naiz erakargarria izango” edota “hilekoa izanda ezin da haurdunaldirik eman”. Izan ere, esaldi hauek kaletik entzun ditzakegu baina jeloskortasuna eta maitasuna ez dira sinonimoak, batek larrosaren usaina maite du eta besteak kolorea eta hilekoarekin egonda haurdunaldia gerta daiteke.

Horretaz gain, informazio asko izateak, ez du esan nahi, ligatzeko orduan lotsarik edo segurtasun faltarik ez agertzea, bikote mailan zelan jokatu behar den beti jakitea, desioaren orientazioaren inguruan dudarik ez izatea, bikote bat apurtzean egonezina sortuko ez denik, zein den antisorgailu egokiena kasu desberdinetan jakitea (era aproposean erabiltzea ere garrantzitsua dela kontutan izanda), eta sortu daitezkeen sexualitate inguruan hainbat galdera, lagunekin eta aldizkarien bidez erantzuteko zailak direnak.

Sexualitatea eta aisialdia beste era batera lotzen

harremanak_elkartea_estresa_sexualitateaPresaka bizi gara, baita aisialdian ere. Hiri bat lau egunetan ikusi nahi dugu, eta atsedenik hartu gabe zeharkatzen dugu. Nahi baino lehen eiakulatzen duten gizonak ugaritzeak ez gaitu harrituko. Baldintza estresatu hauetan, nola dastatu, bada, gure kitzikapen uneak? Ikuspuntu aldaketan egon daiteke gakoa: adibidez, aurrerantzean ahalegina egin dezakegu sexualitatea eta aisialdia beste era batera lotzen, eta bizitza sexuala beste arloen aurretik ipintzeko aukera balora dezakegu, lehentasun bihurtuz.

Baina, nola egin dezakegu hori? Egunero batetik bestera gabiltza, mila gauza egin nahian… adibidez, gaixotzen garenean, munduko denbora guztia daukagula ikusten dugu. Une horietan, lehentasuna hartzen du gure osasuna zaintzeak; denbora benetan erlatiboa baita. Jabetu behar dugu, lehentasunezkotzat jotzen ditugun gauza horietan joaten zaigula denborarik gehien.

Ikuspuntu berriak hartzen has gaitezke, beraz. Esaterako, bat-batekotasunaren mitoa albora dezakegu; oso zabaldua dago bat-batekotasunaren mitoa: kontaktu erotikoak bat-batekoak behar dutela izan, ezin direla planeatu. Ikuspuntu honek, mugatu egiten du sarritan bizitza sexuala garatzea eta aberastea. Jende askok uste du, kontaktu erotikoak bat-batekoak ez badira, orduan ez direla benetako jokabide erotikoak. Ideia hau tranpa potoloa izan daiteke.

Bost zentzumenak

Denbora librea ondo antolatzen ez denean, askotan, galdu egiten da. Gure gaiarekin berdin gerta daiteke. Ohiko bikotea badugu, txandaka, bat izan daiteke festa erotikoen arduraduna, eta berak har dezake ekimena, festa horren xehetasunez arduratuz.

Batzutan, aurretik izandako esperientziak onak izan ez badira, desanimatu egin gaitezke, eta ondorioz, topaketa erotikoari edo autoerotismoari bere denbora eta garrantzia kentzeko joera izan dezakegu. Beraz, zerotik hasi eta esperientzia positiboak izaten saiatzea izango da gakoa. Esperientzia positiboak errepikatzeko joera dugu.

Baina, nola lortu esperientzia positiboak? Bi orrialdeotan ezin dugu guztia zehaztu, baina bai oinarrizko baldintza batzuez hitz egin. Hasteko, bost zentzumenei protagonismoa ematea komeni da, guztiei: entzumena, usaimena, dastamena, ukimena eta ikusmena. Eta hauek ematen dituzten aukerak ireki, probatu. Larruazalak, esate baterako, bi metro karratu ditu batez beste! Larruazala organo sexuala da: dastatu, ukitu, ikusi, usaindu… era askotara.

Bestalde, garrantzitsua da sexu harremanez hitz egitea. Bikote edo norbanako askorentzat ez da zilegi desioez hitz egitea, edo larrua jo ondoren balorazioak egitea: zer gustatuko litzaigukeen berriro egitea, zer aldatu nahi genukeen, zer ez dugun batere atsegin…

Bestetik, denbora saldu eta erosi egiten dugu. Saldu, gehienetan lantokian, diruaren truke. Erosi ere egin dezakegu: beste norbaitek egin ditzakeen gauzak delegatuz: etxeko garbiketak, auto konponketak, haurrak zaintzea… Norberak baloratuko du zein prezio jartzen dion bere denborari. Sinesgaitza eman dezake, baina hala da. Denok gure askatasuna kudeatzen dugu, eta aukeratu ditugun lehentasunek beste aukerak mugatzen dituzte. Gure esku dago erabakitzea (geure gaitasunen baitan) zenbat inbertitu nahi dugun gure bizitza sexuala aberasteko, bikotea izan ala ez.

Hortaz, nahi dugunari ‘bai’ esan eta besteari “ez” esan beharko diogu. Azken aukera hau ez da hain erraza izaten, baina “ez” esaten ikasteko teknikak eta moduak badaude, baita liburuak ere.

Olatz Berastegi

Zaharrek ba al dute sexualitaterik ?

harremanak_elkartea_vida_empieza_hoyGaztetasunaren eredua etengabe erakusten zaigu leku guztietan, komunikabideek adibidez, gehienetan gazteen gorputzak, gazteen harremanak erakusten dizkigute, horiek bakarrik izango balira, sexualak eta desioa dutenak bakarrik. 

Sexualitatea bukatzen al da noizbait? Zaharrek ba al dute sexualitaterik?

Horiek dira askotan egiten zaizkigun galderak, eta pubertaroko gaztetxoen erantzunei erreparatzen badiot, esango nuke baietz, sexualitatea 45 urterekin bukatzen dela. Pentsa, hauen ustetan ugalketa aukeratik kanpo geratzen dena ez da sexualitatea. Hori diote gaztetxoek, baina ez hain gaztetxoek, sexualitatea eta ugalketa ezberdintzen ikasi dugunok ere, zailtasunak izaten ditugu, sexu grina zahartzaroko aroarekin lotzeko garaian.

Zorionez, zahartzaroak aktibitate sexualean baino, kirolean, laneko jardueretan, bistan, entzumenean, memorian,…. ondorio bortitzagoak sortzen ditu.   Sexualitatearen kasuan isilpeko arrastoa uzten doa.

Sexuala den guztiarekin bezala, gorputzean sortarazten dituen aldaketak ezberdinak dira gizon eta emakumeengan. Garai honetan fenomeno oso interesgarria gertatzen da: zahartzaroak gaztaroa desberdindu duena berdintzen du.


Testosteronaren mailaren jaitsierak gizon adinduak maskulinitatea gabetzera eramaten ditu (beraz, feminizatzen doaz) eta estrogenoen mailaren jaitsierak emakume adinduak feminitatea gabetzera eramaten ditu (beraz, maskulinizatzen dira). Sexu bakoitzak hasitako ibilbideak bestearengana hurbiltzen du. 

Sexuen arteko erantzun sexualak ere berdintzen dira: intentsitate eta presa gutxiagorekin; estimulu lagungarri gehiagoren beharra (fisikoak eta sinbolikoak). Bien orgasmoak intentsitate gutxiagorekin azaltzen dira, baina gorputzeko zona erogenoen sentsibilitatea handitu egiten da (gehien bat ezezagunenak direnak). Badirudi aro honetan bi gorputzak elkar ulertzea erabaki dutela, baina koitotik harantz. 

Argi dago, gorputzaren erantzuna aldatzen doala, baina aldatzeak ez du desagertzea esan nahi. Gorputza dugun heinean, desioa existitzen da, eta gorputzaren erantzun sexuala hor dago, goian aipatu moduan erritmo ezberdinarekin. Zoritxarrez, ez da gorputza eta gorputzaren desioa zahartzaroko etsai nagusia. Horrela, aurreiritziak, oztopo handiagoa dira zahartzaroko sexualitatea ulertzeko garaian.

Adinduekin lan egiten dut, eta asko erakusten  didate beraien bizipenak nirekin tartekatzen dituztenenean, beraien  ibilbidean, sexualitatearen bilakaera ezagutzeko. Horrela, teorikoki sexologiako ikasketetan zahartzaroko sexualitateari buruz ikasi nuena, beraien bizipenen bidez gehiago ezagutu dut.

Beti gogoratuko dut emakume talde batek esandakoa “La vida empieza hoy“ pelikula ikusi ondoren. Erabat identifikatuta agertu ziren pelikulan ikusitakoarekin, eta ziotenez beraien heziketagatik jasotako mugak, bizitzan aurrera eginez gaindituz joan diren bezala, argi zeukaten, beraien seme-alabak, gazteak, oraindik ere muga batzuk gainditu behar ditugula beraiena ulertzeko garaian, horrela zahartzaroko sexualitateari begirada irekiagoa egiteko.

Olatz Berastegi

 

Emakumeak gure gorputzak: gure desioak

Gaurko gaia aukeratzen aste honetan gertatu zaizkidan bi gertakarik lagundu didate. Alde batetik, irakurtzen ari naizen azkeneko liburuak “Nacidas para el placer” Mireia Darderrena, eta nirekin kontsultan dagoen emakume baten hitzek “ … konturatu naiz nire desioa nirea dela eta nirekin daramatela beti, baina egindako lanarekin ohartu naiz askotan hori ahaztu egin zaidala”.

Emakumeen desioa kontsultako gaia izaten dugu sexologook, eta askotan desio ezarekin datozen emakumeen diskurtsoetan desioa kanpotik datorren zerbait bezela bizi dutela entzun daiteke.

Hasierako harreran, sexologoon lana desioa zerekin lotzen dugun aztertzea, eta horren inguruko heziketa ematea izaten da. Izan ere, gehienetan, desio sexuala, harreman sexual koitalak edukitzeko gogoarekin lotzen dugu eta daukagun eredu sexualean desioa oso fokalizatuta dago genitalekin.

harremanak_elkartea_nacidas_para_placerBeraz, desioa sexuala edukitzeko gogoa genitaletatik at beste aukera edo praktika sexualetara zabaltzen dugu (begiradak, besarkadak, laztanak, hitz goxoa…). Hau da, lehenego pausuan desioa foko genitaletan soilik ez kokatzen saiatzen gara.

Baina horrekin batera, eta Mireiaren liburuan argi azaltzen den moduan, emakumeekin egiten den lanean, beraien gorputzaren ezagutza eta plazer-gaitasuna landu behar dira. Urteetan, gure gorputzen bizipenak mezuz inguratuta egon dira. Plazerra pekatuarekin lotu da, masturbazioa ez digute emakumeoi baimendu, eta gaur egun oraindik beraien gorputzarekin plazerra bilatzen duten emakumeei “ salida “ eta “ guarra” deitzen zaie. Mezuak eta kanpotik iristen diren oihartzunak albo batera utzita, ezagutza da biderik eraginkorrena.

Gure gorputzarekin, eta berarekin lortu dezakegun plazerra gureganatu behar ditugu, eta gure sexualitatea bizitzerakoan, gozamena gure ardura dela eta ez bestearena jakin behar dugu. Gure gorputzak izugarrizko aukerak eskaintzen dizkigu ibilbide horretan, eta horretarako ezinbestekoa da gure genitalak ezagutzea eta gure gorputzaren atala diren moduan integratzea.

Gure gorputza ezagutu, bizi, eta sentitu; gure desioekin topo egiteko bide bakarra delako. Bidai berri horretan, bakarka edo aukeratzen dituzuen bidelagunekin, bidai on izan !!

Olatz Berastegi