Eta zuk zure G puntua aurkitu al duzu?

Hau da askotan entzuten den galdera. Azkeneko urte hauetan, G puntuak oihartzuna izan du, eta hau dela eta istorio ezberdinak entzun ohi dira honen inguruan. Emakumezkoak, gizonezkoak, denak G puntua omen dugu eta gakoa aurkitzean omen dago. Gainera, esaten denez, aurkikuntza ez dela hain erreza, eta askotan lehiaketa baten sartuta gaudela ematen du.

 

Sexologiak, sexologoek, erronka handia izan dugu gure buruarekin senti dezakegun plazera genitaletatik ateratzeko. Eta ausartuko naiz esatera oraindik ere horretan gabiltzala. Horretan gainera, G puntu zoragarri horren agertzeak ez digu argi gehiegi eskaini… Pentsa, sentitu dezakegun plazera genitaletan kokatzea nola murriztu dizkigun aukerak, eta ondoren G puntu batera murrizten badugu, gureak egin du!

harremanak_elkartea_G_puntua

Horrela ikusita, harreman sexualetan lortu dezakegun plazera helmuga bat dela dirudi, eta ondorioz helmugara, hau da , G puntura iristerakoan lortzen dugula merezitako saria. Iristen ez bagara saririk ez, egindako ibilbidea zertarako? Zorionez, plazera ibilbide luze bat da, etenik gabekoa, helmuga gabekoa, bizitza guztian eta etengabe eraikitzen dugun bide zoragarri bat. Plazera sentitzeko gaitasuna gorputz osoan daukagu, eta harreman sexual batean bakarka edo konpainian sentitu dezakegun plazera ez dago hain lotuta puntu konkretuetara.

 

Gure sexualitateak, hau da, gure gorputzarekiko dugun harremanak dimentsio ugari ditu (indibiduala, soziala). Beraz, gorputzarekin sentitzeko dugun gaitasuna, egoera emozional, fisiko, eta sozialari lotuta dago erabat. Puntu bakar bat ez, ikusten denez puntu asko ditu gure plazerak.

G puntua bilatzen energia erabili beharrean, ikas dezagun gure gorputza maitatzen, sentitzen, garen hori mementu oro bizitzen, bakarrik, edo beste norbaitekin konpartitzen.

Agian zailagoa da, horrek helmuga konkretu bat ez duelako, norberak etengabe eraikitzen duelako, eta askotan erreferentzirik gabe gaudelako. Baina esango nuke aberatsagoa dela, puntu bat baino gehiago garelako, eta saria bide osoan zehar aurkitzen dugulako eta ez soilik bukaeran.

 

Olatz Berastegi

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *