Zaharrek ba al dute sexualitaterik ?

harremanak_elkartea_vida_empieza_hoyGaztetasunaren eredua etengabe erakusten zaigu leku guztietan, komunikabideek adibidez, gehienetan gazteen gorputzak, gazteen harremanak erakusten dizkigute, horiek bakarrik izango balira, sexualak eta desioa dutenak bakarrik. 

Sexualitatea bukatzen al da noizbait? Zaharrek ba al dute sexualitaterik?

Horiek dira askotan egiten zaizkigun galderak, eta pubertaroko gaztetxoen erantzunei erreparatzen badiot, esango nuke baietz, sexualitatea 45 urterekin bukatzen dela. Pentsa, hauen ustetan ugalketa aukeratik kanpo geratzen dena ez da sexualitatea. Hori diote gaztetxoek, baina ez hain gaztetxoek, sexualitatea eta ugalketa ezberdintzen ikasi dugunok ere, zailtasunak izaten ditugu, sexu grina zahartzaroko aroarekin lotzeko garaian.

Zorionez, zahartzaroak aktibitate sexualean baino, kirolean, laneko jardueretan, bistan, entzumenean, memorian,…. ondorio bortitzagoak sortzen ditu.   Sexualitatearen kasuan isilpeko arrastoa uzten doa.

Sexuala den guztiarekin bezala, gorputzean sortarazten dituen aldaketak ezberdinak dira gizon eta emakumeengan. Garai honetan fenomeno oso interesgarria gertatzen da: zahartzaroak gaztaroa desberdindu duena berdintzen du.


Testosteronaren mailaren jaitsierak gizon adinduak maskulinitatea gabetzera eramaten ditu (beraz, feminizatzen doaz) eta estrogenoen mailaren jaitsierak emakume adinduak feminitatea gabetzera eramaten ditu (beraz, maskulinizatzen dira). Sexu bakoitzak hasitako ibilbideak bestearengana hurbiltzen du. 

Sexuen arteko erantzun sexualak ere berdintzen dira: intentsitate eta presa gutxiagorekin; estimulu lagungarri gehiagoren beharra (fisikoak eta sinbolikoak). Bien orgasmoak intentsitate gutxiagorekin azaltzen dira, baina gorputzeko zona erogenoen sentsibilitatea handitu egiten da (gehien bat ezezagunenak direnak). Badirudi aro honetan bi gorputzak elkar ulertzea erabaki dutela, baina koitotik harantz. 

Argi dago, gorputzaren erantzuna aldatzen doala, baina aldatzeak ez du desagertzea esan nahi. Gorputza dugun heinean, desioa existitzen da, eta gorputzaren erantzun sexuala hor dago, goian aipatu moduan erritmo ezberdinarekin. Zoritxarrez, ez da gorputza eta gorputzaren desioa zahartzaroko etsai nagusia. Horrela, aurreiritziak, oztopo handiagoa dira zahartzaroko sexualitatea ulertzeko garaian.

Adinduekin lan egiten dut, eta asko erakusten  didate beraien bizipenak nirekin tartekatzen dituztenenean, beraien  ibilbidean, sexualitatearen bilakaera ezagutzeko. Horrela, teorikoki sexologiako ikasketetan zahartzaroko sexualitateari buruz ikasi nuena, beraien bizipenen bidez gehiago ezagutu dut.

Beti gogoratuko dut emakume talde batek esandakoa “La vida empieza hoy“ pelikula ikusi ondoren. Erabat identifikatuta agertu ziren pelikulan ikusitakoarekin, eta ziotenez beraien heziketagatik jasotako mugak, bizitzan aurrera eginez gaindituz joan diren bezala, argi zeukaten, beraien seme-alabak, gazteak, oraindik ere muga batzuk gainditu behar ditugula beraiena ulertzeko garaian, horrela zahartzaroko sexualitateari begirada irekiagoa egiteko.

Olatz Berastegi

 

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *