Zertarako aholkularitza sexologikoa?

Ia gehienen iritziz, Sexologia sexua aztertzen duen zientzia da; eta sexua gure genitalekin egiten duguna da. Sexologia, aldiz, Sexuak aztertzen dituen Zientzia da. Beraz, emakumeak emakume diren heinean aztertzen ditu, gizonak gizon diren heinean, eta emakumeak eta gizonak sexudunak garenez elkarren artean ditugun harremanak ere (intimoak eta publikoak) kontuan hartzen ditu.

Sexologian sexua ez da egiten, eta ez da edukitzen: sexudunak gara. Eta garelako (sexudunak) dauzkagu (ezaugarri sexualak) eta egiten ditugu (jokaera sexualak).

Sexu arteko elkarbizitza hori saihestezina den arren, beti ez da harmoniatsua izaten. Sexologoek harmonia hori sustatzeko lan egiten dugu. Pertsonen arteko harreman intimoekin lotutako gaiak artatu, sustatu, parte hartu, garatu eta ikertzen ditugu. Honakoak dira erreferentziazko giltzarriak: gizabanakoa, bikotea, familia,hezkidetza, elkarbizitza, sexua, sexualitatea, maitasuna, interakzioa, harremana, intimitatea, konpromisoa, ongizatea, asebetetzea, negoziazioa, aitatasuna eta amatasuna, aniztasuna, plazerra, desioa, gorputza eta noski emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna.

harremanak_elkartea_aholkularitza_sexologikoa

Gizonekin, emakumeekin eta horien arteko harremanekin zerikusia duen oro materia sexologikoa da. Ez haien gorputzei eta genitalei gertatzen zaiena bakarrik. Haien biografiei, harremanei, nortasunei, nahiei… gertatzen zaiena ere materia sexologikoa da, gizon diren heinean, emakume diren heinean eta elkarrekin aniztasunean harremanak dituzten eta elkarren mendekoak diren heinean.

Aholkularitzaren oinarrian Ongi aholkatzearen artea dago. Aholkuak ematen dira (orientabidea, informazioa, bideak, aukerak, konponbideak…), irtenbidea aurkitzeko (irteerak, moldaketak, hobekuntzak, arrakastak…). Zerbitzua behar duten pertsonak berez gai dira, trebeak dira eta eskumenak dituzte, baina zerbaitekin kateatu egin dira arrazoi bat edo bestea dela eta. Beraz, kontua ez da sendatzea, konpontzea; berreskuratzea eta berreraikitzea baizik. Kasurik txarrenean kateatze horretatik askatzen saiatzen gara, eta kasurik onenean, berriz, elikatzen. Autolaguntzako liburuen antzeko xedea du, azken batean. Baina liburu horietan formula unibertsalak eskaintzen dira, jendeari orokorrean zuzendutakoak, eta gure kasu honetan, berriz, eskari zehatzei erantzuteko formula bereziak eskaintzen ditugu.

Jakina da, gaur egun, gazteek zein helduek informazio asko daukagula berdintasuna eta sexuaren inguruan, bai kalean, lagunen artean, internet bidez eta beste hainbeste informazio iturrietatik.

Hala ere, gertatu ohi da, ikusi eta entzuten ditugun gauza denak, guztiz fidagarriak ez izatea. Adibidez, lagun baten ahotik entzun dezakegu “bikote bat jeloskorra denean maite gaituen seinale da”, “nire gorputza aldizkarietan agertzen diren modukoa ez bada, ez naiz erakargarria izango” edota “hilekoa izanda ezin da haurdunaldirik eman”. Izan ere, esaldi hauek kaletik entzun ditzakegu baina jeloskortasuna eta maitasuna ez dira sinonimoak, batek larrosaren usaina maite du eta besteak kolorea eta hilekoarekin egonda haurdunaldia gerta daiteke.

Horretaz gain, informazio asko izateak, ez du esan nahi, ligatzeko orduan lotsarik edo segurtasun faltarik ez agertzea, bikote mailan zelan jokatu behar den beti jakitea, desioaren orientazioaren inguruan dudarik ez izatea, bikote bat apurtzean egonezina sortuko ez denik, zein den antisorgailu egokiena kasu desberdinetan jakitea (era aproposean erabiltzea ere garrantzitsua dela kontutan izanda), eta sortu daitezkeen sexualitate inguruan hainbat galdera, lagunekin eta aldizkarien bidez erantzuteko zailak direnak.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *